Belarraren Ahoa

Hona hemen, blog honetako lehenengo literatura kritika. Hau egiteko, irakurri dudan azken liburua iruzkinduko dut, Harkaitz Canoren azken aurreneko liburua, Belarraren Ahoa.

Adolf Hitlerrek 2. mundu gerra irabazi du. Diktadore handi hau Europa osoaren jabe egin da. Gizon txiki hau bere itsas armadarekin AEBtara doa, Roosvelt presidenteari aurre egiteko asmoz. Beste pertsona bat doa barku berean, beste gizon txiki bat, baina diktadorea beharrean, komediantea dena: Charles Chaplin. The Great Dictator filma egin zuen gizona. Filma honekin nazietaz burla egin nahi izan zuen gizona. Arrazoi berdinarengatik atxilotua izan zena, eta Hitlerren itsasontziko sotoan kartzelaturik dioana. Gizon txikiak gorrotatu egiten du komediantea, bere eskuekin torturatu egiten du zinemagilea.Istorio honekin batera, beste bat kontatzen da. Urte asko lehenago, 1886. urtean konkretuki, frantziarrek estatubatuarrei estatua bat oparitu zieten, Lady Libertydelakoa. Beste hitzetan, Askatasunaren Estatua. Frantziatik AEBtara, desmuntaturik bidaiatu zuen Iséreizeneko barkuan. Baina ez zuen bidaia bakartasunean egin, bere koroan polizoi bat baitzeraman: Oliver Legrand. Meatzari lanetan aritu eta aspertutako gizona, eta gero, portuan, karga eta deskargan aritu izan zena. Baina, lan honetan ere aspertu egin zen, eta hartatik ateratzeko ideia bat otu zitzaion: estatuaren barnean ezkutatuta AEBtara alde egitea. Bere lagunak utzirik, Lady Libertyren koroko kiribilduratan moldatu zuen ohea, New Yorkerako bidaia hartan.Baina bi istorio hauek, ez dira istorio isolatu edo atomikoak, historiaren kronologiako momentu batean uztartu egiten ditu Canok.

Honek, ohi duen bezala, maila altuko euskara erabiltzen du. Euskara jasoa, euskara jantzia. Kontakizuna ere orginala dugu, azken urteetan Euskal Literaturak jasan dituen gaiak alde batera utzita (terrorismoa, gerra zibila…), proposamen arriskutsu batekin saiatu da Cano. Nobela Historiko bat egin beharrean, historian oinarritutako Nobela Istoriko bat egin du. Bai, “h” gabe. Eta galdera bat botatzen dio idazle lasartear honek munduari: “Hitlerrek 2. Mundu Guda irabazi izan balu, zer?” Euskara ona dugu, gaia interesgarria, eta idazkera? Bai, idazkera aldetik oso liburu arina da, bi ordutan irakurtzekoa. Entretenimendu gutxi eskaintzen dio irakurleari, eta zertan pentsatu gutxiago. Ez dituen milaka judizio eduki laitzazke liburuak, ondorioz, hankamotz gelditzen da. Eta nik ere, galdera bat botatzen diot munduari: “Euskara ona lantzen badu, istorio interesgarria asmatzen badu, zergatik ez du Canok, eleberri borobila osatu?”. Nik ez dut erantzunik, agian zuek bai.

~ by gauekoargia on November 21, 2006.

One Response to “Belarraren Ahoa”

  1. Nire iritziz, nahiz eta osoz erraz irakurtzen den eleberria izan, ez da oso ona. Ez dakit, ez ninduen hasebete…

Leave a Reply