Aberriaren Alde [eta Kontra]

            “La cobarde equidistancia”. Bitan entzun diot Ramon Saizarbitoriari esaldi hau. Lehena, Julio Medemen Euskal Pilotan izan zen. Bigarrena, berriz, saiakera honetan. Erraz justifikatzen du El Paísek eginiko kalifikazio hori; ez dago distantziakidetasun koldar horretan, baina nortasunak zerbaiten aurrean ez dio alde edo kontra jartzen uzten. Hala ere –argia dela uste dut–, euskararen munduaz iritzia ematen du, bat edo beste haserretzeko beldur gabe.           

Euskara mitifikatuta dago eta, askok, Euskal Herriaren identitate nazionalaren bizkarrezurtzat jotzen dute. Horrela, nazionalismoaren baziloak ukituta, jendeak literatura erosten du euskararen alde egiteko, eta ez erositakoaz gozatzeko. Are gehiago, idazleek mitifikazio hori areagotu egiten dute idazkiekin Euskal Herriko errealitate linguistikoa faltsutzen dutenean. Beste hitzetan, idazleek margotzen duten errealitateetan denek dakite euskaraz.Beste idazle batzuk, mintzairaren inguruan faltsukeriatan ez ibiltzeko, ihes egiten dute istorioak beste herrialde batzuetan kokatuz. Adibide bat jartzearren, Anjel Lertxundik ihes betean alde egin du, azken eleberria Alemania nazian kokatzeko –antzeko zerbait egin zuen Harkaitz Canok ere–.           

Baina Lertxundik onartuko luke halako baieztapenik? Alda ditzagun idazleak. Gu ere, koldar moduan, atera gaitezen Euskal Herritik eta joan gaitezen Le Nouveau Romaneko Frantziara. Marguerite Durasek sortu zituen pertsonaiak, ez al ziren frantsesez jardun Frantziatik at bizi arren? L’amanten (1984) Vietnamen errealitate linguistiko frantsesa sortzen du Durasek –ez da hain arraroa, 1954. urtea arte iraun zuen eta. Hala ere, zaila da sinestea guztiz frantsesturiko Saigon bat–.  Hiroshima, mon amouren (1960), berriz, Japonian –honek ez zuen inoiz Frantziarekin inongo erlazio kolonialik izan–. Idazle hark ez zuen pertsonaiak Frantziatik kanpo kokatzeko arrazoi berezirik, baina egin zuen. Ez al da, orduan, Alemanian euskal mintzaira duen judutar bat asmatzea, literatur lizentzia bat? Ni baietzean nago.           

Egia da –eta saiakeran hala islatzen dela uste dut– Saizarbitoriak hizkuntza-errealitatearen arazoari aurre egiteko nobela eredua sortu zuela –100 metroz (1976) ari naiz, noski–. Lehen eleberri elebiduna, zeinetan euskara eta gaztelania uztartu egiten diren. Liburuaren azken atalean –oso oker ez banago behintzat– autobus bateko atzealdean “Autobus Escolar” jartzen zuen kartel bat zegoela zioen liburuak. Autobusaren zain, euskaraz solasean ari ziren nesken eta eguneroko errealitatearen artean alderaketa bat egiten du idazleak. Hots, gaztelaniazko mundu batean, neska batzuk euskaraz jardun dira.            Berriro ere, egia da. Aproposa iruditzen zait eleberri batean errealitateari fidel nahi izatea. Aproposa oso. Hala ere, harroegia iruditzen zait Saizarbitoria saiakera honetan. Ez bakarrik jardunean –estiloan, nahi baduzue–, bere obrak goratzeko garaian ere. “…eta Postdata”-n bakoitza bere buruarekin kritikoa izan behar dela dio “Zintzo izateko norberaren buruaren kontra idatzi beharra dago”[1]. Baina ez du egiten. Atal berean, askotan kontradikzioetan erortzen dela salatzen du, baina nik ez dut haren idazkien aurkako iritzirik ikusi. Hau da kontradikzio horietako bat.                       

Aberriaren alde [eta kontra] dagoela dio Saizarbitoriak. Momentu batean nazionalistatzat hartzen duela bere burua, eta bestetan, antinazionalistatzat. Bestalde, nazionalismoa hartzen du egoeraren errudun bakartzat –jendeak euskal eleberriak gaztelaniazko itzulpenetan errazago irakurtzen baldin baditu, ez da nazionalismoaren errua, ezta? –. Orduan, distantziakidetasun koldar horretan al dago? Hiperkritikoa da guztiarekin. Batekin eta bestearekin sartzen da. Horregatik, El Paíseko kalifikazioa.

Bigarren aldiz: orduan, distantziakidetasun koldar horretan al dago? Ez. Non dagoen oso argi dauka. Euskal kulturaren egoeraren errua zeinek duen ere argi dauka. Baina inork ez ditu idazlearen esanak gustuko.


[1] SAIZARBITORIA, R: Aberriaren alde [eta kontra]. Alberdania: Irun, 1999. 80. orrialdean.

~ by gauekoargia on June 4, 2007.

One Response to “Aberriaren Alde [eta Kontra]”

  1. liburu hau distantziakidetasun koldarretik 10.000 km-ra dago. saiakera irakurri nuenean pentsatu nuen Ramonek buruan bueltaka nituen hainbat eta hainbat ideia papereratzea lortu zuela, eta iruditzen zait hainbat jarrera deskribatzean bete-betean asmatzen duela. adb, trenean erderaz hitz egin baina kanpotarren aurrean ‘euskaldun’ direla frogatzeko euskal abesti bat kantatzen duen kuadrilaren kasua. autokritika latz bat da, ez bere buruari zuzenean, baina bai euskaltzaletasunaren hainbat biziori. euskaltzale batek euskaltzaletasunari egiten dizkion kritikak beti izango dira mingarri, baina baita %100ean konstruktibo ere.

Leave a Reply