Ihes Betea liburuaren iritzi-kritika

Pentsa ezazu zeure bizitza ez dela zeurea. Pentsa ezazu zeure gurasoak ez direla zeureak. Pentsa ezazu zenituen lagunak, jada, ezin direla zure lagun izan. Pentsa ezazu zure nahiak, zure ametsak, akats administratibo baten ondorioz, ez direla inoiz beteko. Pentsa ezazu hitlerzale amorratua zarela zurea behar ez lukeen gorputz batean. Pentsatu zure germaniar dokumentuetan “J” bat ageri dela. Eta, azkenik, pentsa ezazu gorrotatzen dituzun pertsona horietako bat zarela; pentsatu judua zarela.

Hura da Anjel Lertxundiren azken eleberriaren tesi nagusia. Werner Lindemann 17 urteko aleman nazia da. Lagunekin juduen, homosexualen, eta arraza arioa ez den besteen kontra aritzen dena. Ideologia, guztiaren aurretik jartzen duen gaztea, gurasoen esanak barne. Duen ametsa: guda-pilotu izatea eta aberria eta arrazarengatik gogor borrokatzea da. Baina ametsa hurbil duenean, mundua desegin egiten zaio.

“J” madarikatua. Judu madarikatuak –hori da nik pentsatuko nukeena–, baina mutikoak izaeraren izpirik aldatu ez balitz bezala jarraitzen du. Hots, judua da, alemanen artean marjinatua –gorrotatua hitz zehatzagoa da–, hala ere, barnean pertsona berdina dela sentitzen du. Eta galdera da: zerk eginen du judua judu? Eta arioa ario? Genetikak, kulturak, gizarteak edo pertsona berak?

           

Ihesean, amonaren laguntzaz Italiara doa, Triestera doa –munduko hiri tristeenera–, han lagundu eta gordeko duen senide baten bila. Baina mutiko alemanarentzat –edo judua esatea egoki legoke?– bizitza ez da ez oparoa ezta ona ere. Lagundu behar dion senidea ez dago burutik sano eta Italiako erregimen faxistatik uneoro ibili behar du ezkutuan. Hala ere, lagunak ere egiten ditu. Umberto liburu saltzailea, adibidez. Hark, OVRAk –Mussoliniren polizia politikoak– mutikoaren senidea kartzelaratzen eta desagerrarazten duenean, lagundu egiten dio konfiantzazko ostatu batera eramanaz.

Gutxi ateratzen da Werner kalera –beno, jada ez da Werner deitzen. Italiara iritsi zenetik Ernst da bere izena–, liburu saltzailearen gomendioa jarraituz. Ostatuan gelditzen da. Han sexua deskubritzen du eta aterpetxeko langilearekin, oheratzen da gauero. Ez da maitasuna ohera bultzatzen dituena, bakardadea ote? Biak dituzte penak eta gabeziak. Neskak desagertutako senar bat. Mutilak, aldiz, marjinazio osoa.

Bai, marjinazioa. Zeren eta, ez Werner ezta Ernst ere, ez dira inongoak. Eta nola senti liteke inongoa ez den pertsona bat? Bakarrik, litzateke erantzun zentzuzkoena. Horregatik, elkar laguntzen dira. Gau isil horietan bihotz osatugabeak otsatzeko, elkar maitatu behar dute –fisikoki behintzat–.

Egun batean, gazteak Triestetik alde egiten du. Trena hartu eta, maitalea agurtu gabe, Marseillara egiten du bidaia eta handik Parisera. Orduan zer da ba judu-aleman honentzat bakardadea? Desegokia deritzon zerbait? Edo maite eta behar duen zerbait?

           

Anjel Lertxundik honakoa planteatzen digu –nire ikuspegitik, noski–: jendearen artean bakarrik bizitzera behartuta dagoenaren istorioa. Ezin du lagunik eduki, ezin du familiarik eduki. Halako munduan bizitzera behartuta dago, erlijioaren erruz. Baina oraindik ez gara erlijioaz jardun. Hasierako itaunei erantzun nahian, hitz egin dezagun erlijioari buruz.

Werner –Ernst– judua da, baina nazionalsozialismoaz blaituriko gizarte batean jaio da. Sortzez judua, baina ez kulturaz. Nire ustean, egiten duen bidaian izaera berri bat garatzen du, antisemita izatetik nazien aurkakoa izatera pasatzen da. Baina garatzen duen izaera edo pertsonalitate hori ez da berak nahi duena.

Halabeharrez aldatzen du bere izaera. Dokumentuetan judu egiten duen “J” hori ez balego, nazi izaten jarraituko luke, Fürher-aren jarraitzaile porrokatu. Erlijioak ez du mutikoa aldatzen. Eleberri osoan egiten dira bere erlijioari buruzko aipuak, baina ez dago inon erlijio horren praktikarik. Judua izatea ezaugarri administratibo bat besterik ez da. Agirietan jaioterria Munich duzula, edo Berlin edukitzea bezalakoa.

Werner Lindermann-ek liburuko hiru parteetan zehar eboluzio bat bizi du. Kontrastea nabaria dela uste dut. Eleberri hasieran duen laguna, liburu amaieran hiltzen du. Manikeismoan eraikitzen du Lertxundik protagonistaren pertsonalitatea. Protagonista determinatua, patuaz baldintzatuta. Proposamen bikaina.

Pentsatu zu, dagoeneko, ez zarela zu. Pentsatu hainbeste sufrimendu sortu duen gauza batek –erlijioaz ari naiz–, zu sufriarazten zaituela. Pentsatu, sufrimendu horrek zu zarena baldintzatu duela. Azkenik, pentsatu, Bidasoa ibaian igerian zoazela, helmuga berri baten esperoan. Ibaiaren bestaldean artasoroak ikusten dituzu. Bakarrik zoaz. Bakarrik zaude. Bizi-bizi, ihes betean

~ by gauekoargia on June 6, 2007.

One Response to “Ihes Betea liburuaren iritzi-kritika”

  1. La Real a Segunda porque la ETA esta vez no amenazó al árbitro como hicieron para que el Ahtleti se quedara en Primera.

    http://sinblancaporelmundo.wordpress.com/2008/03/19/vosotros-los-vascos-y-los-catalanes-nazionalistas-sois-los-culpables/

Leave a Reply